XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

II-180.- Noiz eta non izaten da bataioa?

Aurreko galderan esan denez, duela berrogei urte oraindik jaio berriak 24 orduren buruan edo, gehienaz ere, 48 orduren buruan bataiatu ohi zituzten.

Bataioa herriko edo auzoko elizan egiten zen beti, eta apaizak eman ohi zuen.

Haurra jaiotzean bizirik iraungo ez zuenaren aztarnaren bat somatzen bazen, erditzean lagundu zuen pertsonak edo etxeko senitarteko nagusiren batek berehala bataiatzen zuen etxean bertan.

Buru gainean ur bedeinkatu pixka bat botatzen zitzaion, gurutzearena egin eta, aldi berean, esan beharreko formula esaten zitzaiolarik seriotasun eta arreta handiz, hutsegiterik ez izateko.

Formula honetan haurrarentzat aukeratutako izena esan eta ondoren hauxe erantsi ohi zen: Nik bataiatzen zaitut, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.

Geroago, nahiz eta haurra etxean bataiatua egon, haren osasun-egoera ona bazen edo sendatzen zenean, elizara eraman eta bataiatu egiten zuten, aurreko bataioa berresteko.

Gaur egun, hilean igande batean, aurreko hilean edo hilabeteetan jaiotako haur guztiak batera bataiatzen dituzte elizan.

II-181.- Nortzuek parte hartzen dute bataioan? Nork eraman ohi du haurra elizara?

Garai batean, laneguna izaten zenez, aita-ama pontekoak, aita eta beste etxekoren bat joan ohi ziren.

Haurra, bai elizara joaterakoan, baita handik itzuli eta amari eman arte ere, familiartekoa izan gabe familiakoen laguna zen auzoko emakume batek eraman ohi zuen.

Emakume honi iñude esan ohi zitzaion eta diru pixka bat ordaintzen zioten (5 pezeta 1945ean); etxean egin ohi zen bataio ondoko oturuntzara ere gonbidatzen zuten.

Gaur egun, bataioak igandetan egiten direnez, joan nahi duten senitarteko guztiak gonbidatu ohi dituzte bataiora, eta, oro har, bazkaria egin ohi da jatetxeren batean, bazkari honetara gurasoen ahaide hurbilak joaten direlarik.

II-182.-Zenbat aitabitxi eta amabitxi joan ohi dira bataiora?

Nork eduki ohi du haurra? Zein arau erabili ohi da aita-ama pontekoak aukeratzeko?

Zer egin ohi da aitabitxi edo amabitxi izatera gonbidatzeko?